Pilota hotsen oihartzuna
Pilota hotsen oihartzuna iritsi zait bat-batean. Eta, nahi gabe, herriko frontoiraino eraman nau. Ez naiz, gainera, hots horiek erakarritako pertsona bakarra.
Harmailetan eseri naiz, kantxara begira. Ume batzuek oraintxe bertan bukatu dute entrenamendu saioa eta badoaz, zestak eskuan hartuta. Beste koadrilatxo bat, berriz, txokotan aritu da orain arte. Bi gazte oraintxe hasi dira pilota eskuz gogor astintzen. Beste txoko batean neska koadrila bat ari da, paletan. Familia bat iritsi berri da, erraketak eskuetan. Eta ate inguruan eta harmailetan gero eta jende gehiago ari da biltzen, ikusminez, nire moduan. Tabernatik datozen hainbat lagunen ahotsak ere entzuten ditut; denek egin nahi dute komentarioren bat telebistan adi jarraitzen ari diren profesionalen partidari buruz. Zenbat lagun mugitzen dituen euskal pilotak…!
Horiei guztiei, bada, txoko bat eskaini nahi die esku artean duzun KANTXATIK aldizkariak. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) hiruhilabetekari berria da, euskal pilotari buruz euskara hutsean kaleratutako lehendabiziko argitalpena.
Hainbat hutsune betetzeko asmoz jaio da KANTXATIK. Gipuzkoan euskal pilota gaitzat duen aldizkaririk ez dago, eta gaiari buruz euskaraz argitaratzen dena oso urria da. Gure herriaren kulturaren eta historiaren parte direnez, euskal pilota eta euskara bat eginik ulertzen ditugu guk, eta horregatik da hain garrantzitsua GEPFrentzat aldizkari berri hau euskara hutsean izatea.
Bestetik, hedabideek askotan ahaztu egiten dituztenei ahotsa eman nahi die argitalpen honek: haurrak, neska pilotariak, afizionatuak, elkarteak, pilota eskolak… Izan ere, zuek zarete euskal pilotaren oinarri eta etorkizun. Euskal pilotaren espezialitate guztiak ere jorratu nahi ditu aldizkariak, denei garrantzi bera emanez.
Zure parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, zu baitzara guretzat protagonista. Denon artean begiratu behar diogu euskal pilotari kantxatik, eta horregatik zure iritziak, proposamenak, kritikak… oso garrantzitsuak dira mundu hau barru-barrutik ezagutu ahal izateko.
Argia aldizkaria izango dugu bidelagun abentura berri honetan. Hark bezala ekimen honetan sinetsi duten babesleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu txoko honetatik, beraien laguntza ezinbestekoa izan baita proiektu hau aurrera eraman ahal izateko.
Zuri ere, mila esker. Pilota hotsen oihartzuna zure etxeraino eramaten uzteagatik. Euskal pilotaren alde egiteagatik. Nahi duzun arte. Kantxan ikusiko dugu elkar.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 