Kirola: SURFA
Data: 2010-02-26
Apirilaren 21ean eta 22an Udaltop Udaletako euskara-zerbitzuen II. topaketak egingo dituzte Lasarte-Orian. Nerabeen aisia eta lagunartea: zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuten saiatuko dira, eta besteak beste, Iparraldean urtero ospatzen duten Glissegunaz hitz egingo dute.
Ramuntxo Etcheberry eta Estelle Gogni Seaskako kideek azalduko dituzte Glissegunaren nondik norakoak Glisseguna: Ipar Euskal Herriko gazteei zuzendua den surf/skate eguna izeneko hitzaldian. Glisseguna Ipar Euskal Herriko gazteei euskara atsedenaldietako hizkuntza ere badela eta lagunen artean barre egiteko, lerra kirolez gozatzeko, bestea ezagutzeko, hots, bizitzeko erabil daitekeela erakusteko sortu zuten. Iazko irailean bederatzigarren edizioa ospatu zuten.
Nerabeen aisialdiarekin lotutako bestelako gaiak ere jorratuko dituzte Udaltop jardunaldietan. Izen-emate epea zabalik dago jada eta www.udaltop.com webgunean egin behar da martxoaren 22a baino lehen. Parte-hartzaileek 80 euro ordaindu beharko dituzte eta bi egunetako bazkaria prezioan barneratuta dago. Bestalde, ponentziak webgunean bertan jarriko dituzte martxoaren 5etik aurrera eta hizlariei galderak aldez aurretik egiteko aukera eskainiko da.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 