Kirola: SURFA
Data: 2010-07-30
Haritz Larrañaga (Zarautz, 1976) Zarauzko Surf Eskolako kidea da, Mikel Troitiñorekin (Zarautz, 1969) batera. Udan ikastaro ugari ematen ari dira, baina beti dihardute beraiek sortutako surfeko euskal hiztegia osatzen, eta beste surf eskolekin elkarlanean. Surfean aritzeko aholkuekin osatutako euskarazko eta ingelesezko bi DVD ere argitaratu dituzte.
10-12 urterekin hasi zineten surfean. Nola sortu zitzaizuen grin hori inork praktikatzen ez zuen garai batean?
Grina betidanik izan dugu surferako, Zarautzen bizi izan gara beti, eta itsasoa bertan daukagu. Txikitan "Txanperua" deitzen genion egurrezko taula batekin edo kortxoarekin aritzen ginen, eta gerora surfari ekin genion. Mikel bizi zen lekuan kanpotar asko izaten zen udan eta jendea aritzen zen surfean, baina ni herri erdian bizi nintzen eta hemen ez zegoen ongi ikusita, "pijotzat" hartzen gintuzten.
Kanpotik etorritako kirola izanik, ba al zuen presentziarik euskarak? Eta gaur egun, hobeto al dago?
Hasieran surfa Euskal Herrian dirudunen eta kanpotik uda pasatzera etortzen zirenen kirola bakarrik zen. Gainera, 80. hamarkadan gizartean orokorrean ez zen euskararik hitz egiten. Eta beraz, surfean are gutxiago. Gaur egun ordea, surfa asko zabaldu da gizartean, eta euskararen egoera ere orduan baino hobea denez, lehen baino gehiago egiten da. Azken batean euskararekiko gizarteko jarrerak surfean ere islatzen dira, eta lehen surfak gizarteko eremu konkretu bat soilik hartzen bazuen ere, gaur egun oso zabalduta dago.
Mikel surf eskolako sortzaileetako bat da, nola otu zitzaien penintsula osoan halakorik ez zegoen garaian, Zarautzen surf eskola bat sortzea?
Lehen uste zen surfa ezin zela irakatsi, bakoitzak bere kontura ikasi behar zuen kirola zela. Baina Joseba Iriondo ikastaroak ematen hasi zen, eta konturatu ziren posible zela surfa irakastea. Horrela, Mikel eta Aitor elkartu eta 1991ko udan hondartza alboan eskola moduko bat ireki zuten, udako lan bat izango balitz bezala.
1994an zu bertan sartu eta klaseak ematen hasi zineten. Beti euskaraz eman izan al dituzue?
Ni garai hartan txapelketetan ibiltzen nintzen, baina ez nuen gogoko. Gurutze Gorrian lanean hasi eta lehenengo soldata jaso nuenean sponsor-ak eta txapelketak utzi nituen. Han nengoela Mikel etorri zitzaidan berarekin surf eskolan lanean hasiko al nintzen galdezka. Lehenagotik ezagutzen genuen elkar, eta oso harreman ona geneukanez, naturala izan zen. Ikastaroak beti eman izan ditugu euskaraz, ni gainera 18 urterekin sartu nintzen lanean, eta orduan ez nintzen oso ongi moldatzen gaztelaniaz.
Haur eta gazteak euskaraz aritzen dira edo erderarako joera dute? Eta euskaraz ez dakien kanpoko ikasle bat duzuenean nola hitz egiten duzue?
Egia da beste herri askotan ez dela hori gertatzen, baina Zarautzen badago euskararako joera. Agian argot bat dugulako izango da. Hitz egiteko modu xelebrea badago, jendeak hitz egiten du, askotan euskaraz ongi ez dakienak ere bai. Alderantzizko hitzak erabiltzea da adibide bat, joera asko daukagu horretarako, olatu on bat ikusi eta “olatu txar” esateko.
Zarauztarrak ez direnak etortzean, hasieran gazteleraz hitz egiten dute, baina gurekin elkartzen direnean, azkenerako beraiek ere euskaraz aritzen dira. Eskolara kanpoko ume bat etortzen denean ere euskaraz ikasten du. Horiei azalpen gehiago eman behar izaten zaizkio, baina ongi moldatzen dira. Dena den, taldeak hizkuntzaren arabera osatzen saiatzen gara, ingelesekin batez ere.
Surferako aholkuak biltzen dituzten bi DVD argitaratu dituzue euskaraz eta ingelesez, aurretik zegoen gaztelaniako bertsioan oinarrituz. Harrera ona izan al du ikasleen, eta orokorrean, jendearen artean?
Gaztelaniazko DVD-a katalan batzuekin atera genuen. Bigarrena ateratzerakoan ordea, irudi batzuk errepikatu egiten zirela eta batzuetan hizlariak zioena eta irudiak ez zutela bat egiten ikusi, eta hobetzea pentsatu genuen. Gainera, Garatik deitu eta euskaraz eta ingelesez eginez gero, beraiek salduko zutela esan ziguten. Horrela, irudi berriak sartu eta askoz eduki gehiagorekin euskara eta ingelesezko DVD-ak atera genituen. Euskarazkoa gaztelaniazkoa baino hobea denez, harrera hobea izan zuen, eta guk geuk ere eskolan erabiltzen dugu.
Surfean erabiltzen diren hitzen hiztegia ere argitaratu duzue euskaraz. Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Horrelako hiztegi bat sortzea idazten hasi arte ez zaizu bururatzen. Baina klaseak emateko idazten hasi, eta esaten ditugun gauza asko gaizki esanda daudela konturatzen gara. Horregatik pentsatu genuen hiztegia sortzea. Hitz berriak erabiltzen ditugu gure azalpenetan eta bukaeran glosario bat ipintzen dugu, gauza bakoitza zer den azalduz.
Kirol honetan atzerriko hizkuntzak dira nagusi, ingelesa eta frantsesa, batez ere. Nola sortzen da surfeko euskarazko hiztegi bat zerotik hasita?
Zaila da euskarazko hiztegi bat sortzea. Gauza batzuk aukeratu egin behar izaten ditugu, herri bakoitzean modu ezberdinean esaten direlako; beste batzuk, ordea, ingelesetik datozen hitzak batez ere, literalki itzulita gaizki gelditzen direnez, hitz berriak asmatu behar izaten ditugu. Beste asko inguruko herrietan erabiltzen diren hitzetatik ateratzen ditugu, horregatik beti adi-adi ibiltzen gara beste herrietara joaten garenean. Haurrek ere asko irakasten digute, askotan eurek ere argota izaten dutelako. Hitz horiek guztiek ez dute arrakasta bera izaten, noski, horregatik, erabiltzen direnak hiztegian sartu, eta besteak, alde batera utzi eta berriak asmatzen saiatzen gara.
Biok bidaia asko egindakoak zarete, surfarekin lotutakoak asko. Nola ikusten da beste herrialdeetan euskal surfa edo surfa Euskal Herrian?
Kanpoan ez da euskal surfa asko ezagutzen, Biarritz Frantzia bezala eta Mundaka Espainia bezala ezagutzen da soilik. Hala ere, leku batzuetan Basque Country entzuten da, Mundakari lotuta batez ere, eta euskaldunak eta espainiarrak bereizi egiten dituzte. Hori ikurrinengatik da, izan ere, Interneten surflari bakoitzaren izenaren alboan, bere herrialdeko bandera agertzen da.
Info 7 irratian ere aritzen zara hilean behin, zer entzun dezakegu bertan?
Info 7-n hilabetean behin hitz egiten dut, bost minutuz, surfaren edota itsasoaren inguruan. Dena den, txapelketei buruz hitz egitea ekiditen saiatzen naiz, emaitzei eta sponsor-ei buruz batez ere. Izan ere, surf egiteko eta surfean lehiatzeko modu asko daude, eta jendeak ikuspegi bakarra dauka horren inguruan; ezinezko mugak jartzen dizkie euren buruei. Horrelakorik gerta ez dadin, txapelketak alde batera uzten ditut irratsaioetan.
Zure ustez zer behar da jendea surfa euskaraz egitera animatzeko?
Euskaraz egiteko ereduak izatea beharrezkoa da. Egunerokotasunean euskaraz egin ahal izateak, eta inork bere burua gaztelerara jo beharrean ez ikusteak euskara erabiltzera bultzatzen du, baita euskaraz argot xelebre bat izateak ere. Nire ustez frogatuta dago euskarak edozein eremutarako balio duela, eta beraz, guztiok erabil dezakegula edozein lekutan. Dena den, gu oso gustura gaude zentzu horretan, Zarautzen harrotasun puntu bat baitaukagu euskararen inguruan.
Gaur egun zertan diharduzue? Eta gerorako proiekturik ba al duzue?
Azken urteetan Kantabriako haurrekin ibili gara, baina orain daukagun proiektu hurbilena Iparraldekoa da. Bertako eskolekin lan egin nahi dugu, han bi eskola bakarrik baitaude euskaraz irakasten dutenak, eta beraiekin elkarlanean jardun nahi dugu. Gainera, irailean Seaskak Glisseguna antolatzen du eta horren inguruan hainbat ekintza eta surf txapelketa bat ospatzen dira. Azken bi urteetan bertan izan gara, eta aurten ere asmoa daukagu beraiekin harremanetan jarri eta antolatzen hasteko.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 