Kirola: OROKORRA
Data: 2012-03-19
Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi taldeak X kirolak euskaraz Arrasaten bideo lehiaketa antolatu du. Azken urteotan irristatzeko kirolek gaztetxoen artean izandako gorakadarekin ohartuta antolatu du lehiaketa aisialdi talde euskaltzaleak. Horrela, parte-hartzaileek skatearekin, mikro patinarekin, BMXarekin, patinekin edo abarrekin egindako jausiak edo akrobaziak grabatu beharko dituzte.
Bideoak minutu batekoak izan beharko dute gutxienez eta hirukoak gehienez. Lanak Youtubera igo beharko dira eta hango helbidearen lotura bidali beharko da gazteak@txatxilipurdi.com helbide elektronikora. Mezuan bideoaren izenburua, egileen izen-abizenak, herriaren izena, kontakturako helbide elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira.
Irudiek hizkuntza edukirik badute (musika, ahotsa, eta abar) euskaraz egon beharko dute. Bideoak originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira.
Parte-hartzaileek 12 eta 17 urte artean izan beharko dituzte eta lanak maiatzaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira. Sari banaketa ekainaren 15ean egingo dute eta irabazleak Nothing Without dendan gastatzeko 300 euroko erosketa txartela jasoko du. Bigarrenak, berriz, denda berdinak emandako opari bat.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 