Kirola: PILOTA
Data: 2009-06-03
Bigarren Mailako Eskuz Banakako Pilota Txapelketako finalerdia irabazi ostean, txapela etxera eramatea zuen helburu Jokin Argote (Meaga, Getaria, 1982) pilotariak. Mikel Beroizek (Aspe) ere asmo bera zuen, ordea, eta hura gailendu zitzaion Asegarcekoari joan den maiatzaren 30eko norgehiagokan. Hala ere, Argote gustura dago Txapelketan egindako lanarekin. Izan ere, ebakuntza egin berritan hasi zen jokatzen, entrenatzeko ia aukerarik gabe.
Bigarren Mailako Eskuz Banakako Pilota Txapelketako finala jokatu duzu berriki. Zer modu zaude?
Ondo. Txapela irabazteko gogo handia nuen eta galdu ondoren pena nuen. Baina, dutxatu eta jendearekin egon ondoren ahaztu egin nuen gertatutakoa. Jende asko joan zen ni animatzera, eta partidaren ondoren haiekin egoteak lagundu egin zidan.
Hurrengo egunean zer-nolako txapelketa egin nuen pentsatzen hasi nintzen, eta alde horretatik, gustura geratu naiz.
Final gogorra izan zen Mikel Beroizen aurka jokatutakoa, pilotakada askokoa. Nola bizi izan zenuen?
Biok irten ginen hasieratik dena ematera eta tantoak luzatzera. 13na jarri ondoren, bi tanto oso gogorrak jokatu genituen eta ni pixka bat nekatu egin nintzen. Berak sakearekin asmatu zuen eta konturatzerako alde egin zidan. Oso partida gogorra izan zen.
Finalera heldu zara baina, Txapelketa hasi aurretik ebakuntza bat egin zizuten eskuan. Zein egoeratan hasi zenuen txapelketa?
Ebakuntza egin berria zidaten eta enpresak jokatzeko nola nengoen galdetu zidan. Nahikoa zalantza izan nuen, denboraz larri samar nenbilelako. Frogaren bat egin nuen, entrenatzen aritu nintzen pixka bat, eta jokatzea onartu nuen.
Hiru hilabete geldirik egon ondoren, jokatutako lehen partida txapelketakoa izan zen. Beldur pixka batekin joan nintzen baina, gauzak uste baino askoz hobeto irten ziren. Ordutik aurrera dena ongi joan da.
Beraz, balantze ona egiten duzu Txapelketaz.
Bai, bai, oso positiboa. Hasi nintzenean nire egoera aztertzea zen helburua, hainbeste denboraz geldirik egon ondoren zer moduz nengoen ikusi nahi nuen lehen partidan. Eta ondo nengoela ohartu nintzen. Lehen partidaren ondoren gehiago entrenatzeko aukera izan dut eta gustura aritu naiz.
Hatzean mina sentitzen hasi zinenetik ebakuntza egin arte denbora asko igaro zen, ezta?
Bai, debuta egin eta lehenengo Banakako Txapelketako partida baten ondoren hatza ez zitzaidala berotzen sentitzen nuen. Debuta egin berri nintzen, joko maila polita nuen eta ez nuen gelditu nahi izan. Lesio bera izan duten pertsonekin hitz egin nuen eta haiek esan zidaten ongi ibili zirela ebakuntzarik egin gabe; eta aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Azken negu hau, ordea, oso gogorra izan da. Asko ari nintzen sufritzen hatzaren erruz eta berriro medikuarekin hitz egin ondoren, ebakuntza egitea erabaki genuen.
Ongi zaudela ikusita, udako denboraldiari begira egongo zara. Lanez betea izango al da? Horretan izango al du eraginik Bigarren Mailako Eskuz Banakako Txapelketako finala jokatu izanak?
Txapelketa jokatu ostean nahiko maila onean nabilela ikusi dut, eta neure buruarekiko konfiantza hartu dut. Buruz ere oso ongi nago. Beraz, uda polita egiteko eta partida asko jokatzeko itxaropena daukat. Oraindik ez didate agenda zehaztu baina, San Juan edo San Fermin jaietatik aurrera partida askoko garaia hasten da pilotariontzat. Gainerakoek bezala, partida dezente izango ditudala pentsatzen du.
Bestalde, ez dakit eraginik izango duen finala jokatu izanak baina, kalterako ez da izango!
Laster beteko dira hiru urte profesionaletan debuta egin zenuenetik. Zein balantze egiten duzu zure jardunaz?
Ezinhobea. Orain dela hiru urte nork esango zidan horrela egongo nintzela! Debuta egin nuenean maila egokia ez ematearen beldur nintzen. Profesionalekin nola moldatuko nintzen zen nire beste kezketako bat. Behin horra helduta gauzak oso ongi joan zitzaizkidan, eta hiru urtetan lau final jokatzea ikaragarrizkoa izan da niretzat.
Baina, pilotaria izateaz gain, entrenatzailea ere bazara Zarauzko Pilota Eskolan. Zer moduz moldatzen zara zeregin horretan?
Javi Oteizari eta niri proposatu ziguten Zarauzko Pilota Eskolan irakasle lanetan aritzea, eta beste pertsona batzuekin batera proiektua aurrera eraman dugu. Lehen urtea izan da eta nahiko harrera ona izan du: ume dezentek eman du izena. Giro ona dugu eta oso gustura gabiltza.
Zein adinetako haurrak entrenatzen dituzue?
Txikien mailan, 10 eta 12 urte bitartekoetan, 24 mutil inguru aritzen dira eta kadetetan, 14-15 urtekoetan, berriz, 12 mutil eta neska bat.
Zuentzako berezia izango da Zarauzko Pilota Eskolako entrenatzaile izatea kontuan izanda zuek ezin izan zenutela bertan entrenatu?
Bai, azkenean aukera hori eman nahi diegu herriko neska-mutilei. Guk gure garaian Añorgara joan behar izaten genuen entrenatzera, pilotan jokatzeko gogoa duten Zarauzko eta inguruetako neska-mutilek behintzat, badute horretarako aukera gurean.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 