Kirola: TRIATLOIA
Data: 2010-02-24
Josetxo Mujikak (Legazpia, 1957) urteak daramatza duatloiak eta triatloiak egiten. Udan zein neguan aritzen da, eta duela hilabete eskas Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa irabazi zuen beteranoak II kategorian. Kirol polita dela uste du eta gazteak animatu nahi ditu probatzera, "kirolak banaka egitera ohituta baitaude". Uda garaian ugaritu egiten dira probak kostaldeko herrietan eta horietan sortzen den giro polita eta lagunartea ditu atsegin. Ofizioz suhiltzailea da Mujika eta dagoeneko udako probei begira ari da entrenatzen.
Urtarrilaren 24an Anson (Huesca) jokatutako Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa irabazi zenuen. Nolako proba izan zen?
Proba polita izan zen. Azkeneko urteetan nahiko zaila izaten da elurra egoera onean egotea, bai txirrinduan ibiltzeko baita korrika egiteko ere. Jende dezentek hartzen dugu parte eta neskak gu baino hamar bat minutu lehenago irteten dira. Ondorioz, pista oso gogorra badago hanka zulo asko egoten dira elurretan. Elurraren egoeraren arabera, gerta daiteke txirrinduan ibili ezinik geratzea eta bizkarrean dugula ibili behar izatea.
Ansó herrian bertan egin genuen korrika (zortzi kilometro inguru), gero Linzako eski pistara igo ginen bizikletaz hogeita lau kilometro eginez eta han egin genuen iraupen-eskiko 10 kilometroko ibilbidea. Anson normalean ez da elurrik egoten eta ez da arazorik izaten hiru probak (korrika, txirrindularitza eta iraupen-eskia) normaltasunez egiteko.
Beste txapelketa batzuetan gertatu izan da elurragatik bizikletan ibiltzeko zailtasunak egotea, eta ibilbidea laburtzea. Iaz Benasquen (Huescan) izandako Espainiako Neguko Triatloi Txapelketan, esaterako, eskiatu egin genuen lehenengo, txirrinduko proba egin genuen ondoren eta korrika amaieran. Txirrinduan ibiltzerik ez zegoenez, bi itzuli gutxiago egin behar izan genituen eta hamar kilometro egin beharrean bost egin genituen.
Iaz ere txapeldun izan zinen proba horretan. Zein sentsazio izan duzu berriro irabazita?
Sentsazioa ona izan da. Ez dut asko entrenatzen proba hauetarako. Badut oinarri bat korrika eta txirrinduan baina ez dut alderik teknikoena, eskia, prestatzeko aukera handirik izaten. Txapelketa horretara, adibidez, hiru egun bakarrik eskiatuta joan nintzen. Lasterketaren bezperan ere ibili nintzen pixka bat, baina ez gehiegi. Gainera, nire indargunea ez da eskia eta hor ibiltzen naiz larrien. Hala ere, korrika eta txirrinduan abantaila pixka bat ateratzen dut, eta eskian mantendu egiten dut abantaila hori.
Eskian gutxi entrenatzen duzula diozu. Nora joaten zara?
Zaila da entrenatzea, eta hori aurten nahiko elur izan dela hemen ere. Aurten, osabaren baserrian ibili nintzen egun batean. Normalean Somportera (Frantzia) joaten naiz eskiatzera. Hemendik bi ordu t’erditara, ia hiru ordutara, dago. Goizean joan eta hiru ordu inguruz eskiatu ondoren bazkalondoan itzuli beharra nahiko gogorra egiten zitzaidan astean zehar. Ondorioz, hemen ere elurra egin zuen egun batean, osabak baserrian duen zelai zabal batean ibili nintzen.
Zertan desberdintzen dira neguko triatloia eta udakoa?
Neguan eskia egiten da eta udan, berriz, igeriketa. Hori da alderik handiena. Horrez gain, udan errepideko txirrindua erabiltzen da eta neguan, aldiz, salbuespenak salbuespen, mendikoa.
Zuk bi triatloi motak egiten al dituzu?
Bai. Lehen duatloietan bakarrik aritzen nintzen, korrika eta txirrinduan. Gero igeri egiten hasi nintzen eta triatloia probatu nuen. Nahikoa gustura ibili nintzen. Neguko triatloiaren berri izan nuen eta eskiatzen ikasi ondoren hor ere hasi nintzen. Orain urtero egiten ditut neguko triatloi probak.
Entrenatzeko garaian alde handia nabaritzen al da bi modalitateen artean?.jpg)
Ez. Neguan, urrian eta azaroan, geldialditxo bat egiten dugu. Abenduan hasten naiz berriro entrenatzen: korrika egin, mendira joan…Tarteka eskiatzen aritzen naiz, baita igerian ere. Baina, entrenamenduak antzekoak dira, nik ez dut alderik nabaritzen, batez ere, ez naizelako gehiegi ibiltzen neguko triatloietan. Espainia mailan, Madrilen esaterako, izaten da lasterketaren bat edo beste, baina ez asko. Ondorioz, urtean bi edo hiru proba egiteko ez du merezi denbora luzez zehazki horretarako prestatzen aritzerik.
Orduan udako triatloien denboraldia finkoagoa da, ezta?
Nire kasuan bai. Uste dut gehienen kasua dela. Badaude batzuk, neguko triatloiez gain, iraupen-eskiko lasterketak egiten dituztenak eta horiek agian beste modu batera entrenatuko dute, gehiago eskiatuz, eta abar.
Zure lanbidea bitarteko, Polizia eta Suhiltzaileen Nazioarteko Jokoetan ere parte hartu izan duzu.
Bai. Nire lanbideari esker izan nuen joko horien berri. Bilboko lagun batzuekin elkartu nintzen eta bi urtetik behin joaten gara jokoetara. 2003an joan nintzen lehenengo aldiz, Bartzelonara, eta orduz geroztik 2005ean Quebecen (Kanada), 2007an Adelaidan (Australian) eta 2009an Vancouverren (Kanada) izan naiz. Jokoei esker, beste kultura batzuk ere ezagutu ditut.
Azken jokoetan zazpi domina eskuratu zenituen.
Bai, Vancouverren jokatutakoetan.
Zer nolako probak egiten dira Polizia eta Suhiltzaileen Nazioarteko Jokoetan?
Normalean joko olinpikoetan egiten diren guztiak. Udako jokoetako gehienak egiten dira: atletismoa, triatloia, txirrindularitza…
Zuk zein probatan hartzen duzu parte?
Oso egun gutxitan egiten dira proba guztiak, astebetean gutxi gorabehera. Parte hartzen hasi nintzenean triatloian eta txirrinduan ibiltzen nintzenez, Bartzelonan bi proba horietan hartu nuen parte. Gero, egutegiak utziz gero, beste kirol batzuk egiteko aukera zegoela ikusi nuen (atletismoa, eta abar) eta horietan ere parte hartzen hasi nintzen. Quebecen lau probatan hartu nuen parte, Adelaidan lauzpabostetan eta azkenekoan zortzitan.
Aurretik ezin izaten da jakin guztietan parte hartzerik izango duzun, litekeena baita distantziagatik, adibidez, ez iristea. Esaterako, gerta liteke triatloia gainerako probak egiten diren lekutik 40 kilometrotara egitea igeri egiteko lakua han dagoelako. Vancouverren, esaterako, atletismoko proba mordoska batean eman nuen izena, eta gehienetan hartu nuen parte. Gainera, nahiko emaitza onak lortu nituen.
Orain Bilboko taldearekin joaten zara joko horietara. Beti hala izan al da?
Bartzelonara ez. Autoa hartu eta neure kabuz joan nintzen. Montjuicen izan ziren jokoak eta han hasi nintzen jendea ezagutzen. Bilbokoekin harreman bat sortu zen, eta hurrengo jokoetarako (handik bi urtera) hizketan hasi ginen. Beraiekin antolatu nuen bidaia eta orduz geroztik beraiekin joan izan naiz.
Gipuzkoan ez al dago zaletasunik horrelako jokoetan parte hartzeko?
Zaletasuna badago, baina nahiko garestia da. Bartzelonara joatea ez da hainbeste kostatzen, baina Quebecera edo Australiara joateko diru mordo bat behar da. Hori norberaren aurrezkietatik irteten da eta moldatu egin behar duzu hori lortzeko. Laguntzak izaten dira, nik adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza txiki bat dut. Hala ere, norberak asko jarri behar du. Bilboko suhiltzaileek, esaterako, egutegiak-eta saltzen dituzte jokoetara joan ahal izateko.
Hemendik aurrera zein proba dituzu aurreikusita?
Hilabete honetan (otsailean) Euskadiko duatloi zirkuitua hasiko da eta hemendik aurrera astero izango dira probak: 27an Mungian, 28an Barakaldon, martxoaren lehen asteburuan Basaurin, bigarrengoan Durangon… Ia astero proba bat edo bi izango ditugu.
Dagoeneko igeri egiten ari naiz, maiatzaren erdialdean hasiko baitira triatloiak. Zarautzeko probarako prestatuko naiz bereziki, luzeenetarikoa eta gogorrenetarikoa izaten baita. Aurten duatloiko eta triatloiko probetan hartuko dut parte.
Bi modalitateak gehituta urtean zenbat proba egiten dituzu?
Urtero 25-30 bitartean egiten ditut. Proba asko dira. Gainera, kontuan hartu behar da zazpi-zortzi hilabetetan egiten ditugula proba guztiak.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 