Kirola: OROKORRA
Data: 2010-02-05
Joan den urtarrilaren 23an eman zioten hasiera Mintzola Fundazioak Villabonan duen egoitzan Kirol eta aisialdi ekitaldietako aurkezleentzako bigarren ikastaroari. Parte-hartzaile gehienak ikus-entzunezko komunikazioaren alorrekoak dira, nahiz eta baden kazetari, irrati-esatari edo euskara irakaslerik ere. Batzuk lanbideagatik eta besteak ahozkotasuna lantzeagatik ari dira parte hartzen ikastaroan.
Ikasleek 40 orduko ikastaroko saioez iritzia emateko aukera dute eta orain arteko balorazioa positiboa izan da, Josune Zabala Mintzola Fundazioako zuzendariak azaldu duenez. Ikastaroan ahozko komunikazioa, edukien antolaketa, euskararen doinua, ahotsaren erabilera, estrategiak eta praktikak ari dira lantzen.
Donostiako Euskararen Udal Patronatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kirola Euskaraz programak iaz antolatu zuten lehen aldiz kirol eta aisialdi ekitaldietako aurkezleentzako ikastaroa. Kirol ekitaldiak aurkezteko zegoen aurkezle gabezia konpontzeko antolatu zuten. Aurtengo ikastaroa iazkoa baino osatuagoa eta sakonagoa da eta ordu kopurua bikoiztu egin dute.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 