Kirola: JUDOA
Data: 2009-03-25
Duela bi hilabete baina gutxiago irabazi zuen Oiana Blanco (Orio, 1983) judokak Espainiako Txapelketa. Orduz geroztik, nazioarteko txapelketetan aritu da. Elkarrizketa egin baino ordu batzuk lehenago jakin du apirilean Europako Txapelketan parte hartuko duela. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoei begira aurrerapauso bat gehiago eman du.
Ia bi hilabete igaro dira Espainiako Txapelketa irabazi zenuenetik.Zer moduz zaude?
Orduz geroztik beste txapelketa batzuetan ibili naiz. Espainiako Txapelketa osteko bi asteburuetan nazioarteko txapelketak jokatu nituen. Lehenengoan ez nintzen oso ongi ibili; bigarrengoa hobeto jokatu nuen baina, galdu egin nuen epaileen erabakiak zirela medio. Bigarren geratu zenaren aurka galdu nuen eta txapelketa hartatik kanpo geratu nintzen.
Orain, apirila bukaeran jokatuko den Europako Txapelketara joateko helburuarekin ari naiz entrenatzen eta gustura nabil.
Nolakoa izan zen Espainiako Txapelketa?
Espainiakoa beste txapelketa batzuei begira jokatu beharreko lehiaketa da. Selekzioan sartuta dagoen jendearentzat egin beharreko zerbait da. Azkenean, hor lortzen duzun emaitzak garrantzi handia du aurrera begira, bai selekzioan jarraitzeko, bai nazioarteko txapelketetara joateko...
Alde horretatik, presio iturri bat da, nahiz eta horretan norberaren jarrerak eragina duen. Ni, esaterako, aurten nahiko lasai nengoen. Helburua inoiz ez da izan txapelketa hori irabaztea, aurrera begira etor daitekeenagatik jokatzea baizik.
Hala ere, irabazi egin zenuen.
Bai, garbi nuen. Ni irabaztera joan nintzen, ez nintzen ari Espainiako Txapelketa irabazteko entrenatzen baina banekien egin beharra nuela. Argi nuen dakidan bezala, gogoarekin eta besteekin kezkatu gabe jokatzen banuen irabazteko aukera nuela.
Txapelketaren ostean adierazi duzu iruditzen zaizula maila jaisten ari dela.
Bai, agian izango da ni zahartzen ari naizelako eta beste partaideak gero eta gazteagoak direlako. Zahartzen ari gara bai, baina horrez gain, uste dut oraingo gazteek ez dutela lehen bezala entrenatzen, ez dute sufritzeko indar hura.
Entrenamenduak aipatu dituzu. Nolakoa da judoka baten bizimodua?
Hori norberak duen helmugaren araberakoa da. Nire helburua ez da Espainiako txapelketa bat irabaztea, zerbait gehiago da. Guk Londresko Olinpiar Jokoei begira lau urteko ziklo berri bat hasi dugu orain. Horrek eskaera-maila igotzea dakar.
Nik astean zehar goizez eta arratsaldez entrenatzen dut. Larunbatetan ere entrenatu egiten dut eta igandeak jai izaten ditut, txapelketarik ez badago.
Gainerako gauzak judoaren arabera moldatzen ditut.
Nola eragiten dizu dagoeneko hemendik lau urtetarako olinpiar jokoetara begira lanean jarduteak?
Entrenamendu mailari eta lortu nahi ditugun emaitzei begira hurrengo olinpiar jokoak dira gure helburua, bai entrenatzailearena baita nirea ere. Hala ere, federazioak ematen dizkigun aukeren menpe gaude eta horrekin jolastu behar dugu.
Iaz ez zenuen Pekingo Olinpiar Jokoetarako sailkapenik lortu. Zer gertatu zen?
Aukera azkeneko unean heldu zitzaigun eta guztia nahiko presazkoa izan zen. Federazioak hasieran esan zigun ez ginela joango sailkapen txapelketara, eta uda atseden pixka bat hartu eta urteari ongi ekiteko baliatu genuen. Azkenean aukera eman ziguten, baina jada guk ez genuen sailkapenari begirako planteamendurik. Entrenamenduak presaka egin genituen, genuen denborari ahalik eta etekin gehiena atera nahian.
Horrela suertatzen diren gauzetan zorte ona izan dezakezu, baina ohikoena uda guztia horri begira entrenatu dutenek zuk baino sasoi hobea izatea da. Gainera, entrenamendu mota hori egin dutenek horretarako pentsamoldea dute. Azken unean emandako aukera bada, saiatzen zara horrekin aurrera egiten baina ez da gauza bera.
Beraz, federazioaren erabakiek zeresan handia dute. Aurtengo Europako Txapelketan parte hartzea ere bere esku al dago?
Jokatu ditudan nazioarteko bi txapelketetan dominaren bat lortu izan banu lekua izango nukeen Europako Txapelketan, baina lortu ez dudanez, federazioko teknikarien esku geratzen da balorazioa egitea. Beraiek erabakitzen dute kirolariok emandako mailaren arabera nork merezi duen txapelketara joatea.
Gaur jakin dugu txapelketan izango naizela. Nazioarteko txapelketak amaitzean Europakorako prestatzen hasi ginen, iazkoa ikusita ezin baikenuen federazioko teknikarien erantzunaren zain egon. Hemendik aurrera, jokatuko dudala jakinda, bestelako motibazioarekin entrenatuko dut.
Iaz aldaketak egon ziren arbitraje neurrietan. Asko eragiten al du horrek zuen jokoan?
Aurten hasi dira aldaketa batzuk martxan jartzen. Horietako bat da lehen borrokaldia irabazten ez baduzu bigarren bat jokatzeko aukerarik ez duzula, eta txapelketatik kanpo geratzen zarela. Horrez gain, zigorrak aldatu dituzte eta neurriok batzuen jokatzeko moduari besteenari baino gehiago eragingo die.
Borrokatik zetozen teknika asko egotea eta judoaren izpirituaren galera izan dira aldaketak egiteko argudioa. Helburu nagusia judo gehiago (teknika garbiagoa duena...) ikustea da.
Bizitza osoa daramazu judoari lotuta. Lau urterekin hasi zinen.
Bai, eskolan hasi nintzen lau urterekin eta hemen jarraitzen dut 25ekin (kar-kar-kar). Fase ezberdinak daude: hasieran ahizpa eta lehengusuak zebiltzalako hasi nintzen. Ahizpari begira egoten nintzen, eta nire lehen ikaskideak izena eman zuenean neuk ere hala egin nahi nuela esan nion amari. Garai hartan kirol denetan ibili nahi nuen; uste dut eskolan egon diren kirol guztietan aritu naizela.
Hasieran denbora-pasa zen, jolasteko, lagunekin egoteko... Gero, 17-18 urterekin, erabaki nuen denbora gehiago eskaini nahi niola judoari, horri arreta gehiago eskaini nahi niola.
Azkenean bizitza estilo bihurtzen da judoa eta umeentzako ere hala da. Psikomotrizitatea lantzen dute, lagunekin egoten dira baina, aldi berean, balore asko lantzen dituzte: besteekiko errespetua, arau batzuk bete beharra... Azkenean pertsona bezala ere osatzen laguntzen dizu, une horretan bizitza-estilo bihurtzen da.
Txapelketak uztean ere judoarekin lotuta jarraitzeko asmoa al duzu?
Badakit maila hau ezin dela denbora luzez mantendu baina garbi daukat maila aldatuta ere judoa hor egongo dela. Nik aspalditik esaten diot nire entrenatzaileari lasai egoteko lana edukiko duela-eta, adinean aurrera eginda ere judoan jarraitzeko asmoa baitut.
Orain ere baldintza guztietako kirolariok entrenatzen dugu Judo Club Usurbilen: maila altuko txapelketetan dabiltzanak, Espainiako Txapelketatan domina lortzea helburu dutenak, eta baita lanetik etorri eta izerdi pixka bat botatzeko gogoa dutenak ere. Nik ere pasatu nahi dut betebeharrik gabe entrenatzeko fase horretatik.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 