Kirola: SNOWBOARD
Data: 2012-03-22
Gaztezulo aldizkariak eta Ride Yourself taldeak Skate&Snow Festa antolatu dute larunbaterako, martxoak 24, Donostian. Bi kiroletan aritzen diren hainbat gazte semiprofesionalek erakusketa egingo dute Kursaalen eta Zurriola hondartzaren artean dagoen eremuan, eta aditu batek kirolariek egiten dituzten akrobazien azalpenak emango ditu euskaraz. Erakustaldia 16:30ean hasiko da.
16:00etan hasiko dira beroketak egiten eta ordu erdi beranduago ekingo diote erakustaldiari skatean ibiltzen diren 15 gaztek. 18:00ak arte egingo dituzte salto eta akrobaziak, eta orduan snowan aritzen diren hamar bat gazte hasiko dira lanean. Esatariak kirolarien lanari, bi kirolen jatorriari, garapenari eta ezaugarriei buruzko azalpenak emango ditu. Hizlaria euskaraz ariko da, skatea eta snowa gustuko duten gazteen artean euskara sustatzeko asmoz.
Bestalde, ikusleek argazkiak atera eta Gaztezuloren lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Argazki kamerarekin zein mugikorrarekin atera ahal izango dituzte argazkiak eta gaztezulo@gaztezulo.com helbidera bidalita, Gaztezuloko materialaren zozketan hartuko dute parte.
Gipuzkoako Foru Aldundia · Euskara Zuzendaritza
Nagusia / Gipuzkoa plaza z.g. 